eu - es - en - fr

Siadeco

Ikerketa aplikatua

Revue

Publications

1995

Donostiako Euskaldunon Gida 1995

Siadecoren koordinaziopean, Donostian euskaraz jaso zitezkeen zerbitzuak zeintzuk ziren eta non aurkitzen ziren ezagutzeko ikerlana bideratu zen 1995ean eta informazio horretaz baliatuz, "Donostiako Euskaldunon gida 1995" argitaratu zuen Donostiako Euskararen Udal Patronatuak. Besteak beste, kutxazain automatikoak euskaraz erabiltzeko urratsak eta aholkuak ere jasoak daude gida horretan.

1995

Euskarak badu etorkinzunik. Getxoko azterketa soziolinguistikoaren laburpena

Getxoko Udalak editatutako argitalpen honetan, Siadecok Getxon egindako azterketa soziolinguistikoaren datu nagusien sintesia aurkezten da. Ikerketa hori Getxo osoko nahiz bertako eremu sozial desberdinetan jasotako zeharkako nahiz zuzeneko informazio bilketan eta azterketan oinarritzen da. Honako hauek dira argitalpen hau egituratzen duten eduki ardatzak: euskararen ezagupena Getxon; euskararen presentzia Getxoko gizarte bizitzan; Getxoko hiritarren iritzi eta jarrerak euskarari buruz; azken gogoeta.

1994

Empleo con apoyos en la C.A.P.V.

EHLABE (Asociación de Trabajo Protegido del País Vasco) erakundeak sustaturik, Siadeco eta ZEHARO erakundearen artean garatutako ikerlan baten argitalpena da, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Sailarena, 1994koa. Lan merkaturatze prozesuetan pertsona gutxituen bizi baldintzak normalizatzea helburu duten programak berritzen direnerako, oinarri teoriko bat emango zuen ikerketa bat eskuartean izatea lortu zen. Lehen zatian, laguntza indibidualeko enplegu eredua aztertzen da; bigarrenean berriz, ereduaren EAEko testuingurua aztertzen da (marko sozio-laborala, pertsona gutxituen kontratazioa eta dirulaguntza politika, lan ingurunea eta marko sindikala, hezkuntza markoa, familia ingurunea, finantza eta ekonomia eremua eta eredua sustatzen duten elkarte eta organismoak). Azkenik eta hirugarren zatian, ereduan esku hartzen duten elementuen analisia egiten da (hartzaileak eta figura profesional berriak). Argitalpen hau gaztelaniaz argitaratu zen.

1994

Euskara Lezon

Lezoko Udalak egindako argitalpen honetan, herriko euskararen egoeraren inguruan eta etorkizunari begirako lan-ildoen inguruan Siadecok egindako ikerketaren zertzelada nagusien berri ematen da. Aurkezpen eta sarreraren ondoren, honako hauek dira argitalpen hau egituratzen duten atalak: lehenagoko lezotarrak; euskararen presentzia edo erabilera Lezoko gizarte bizitzan; Lezoko herritarrak eta euskararen ezagupena; lezoarren euskararekiko iritzi eta jarrerak; etorkizunari begira.

1993

Euskal Autonomi Elkarteko zerbitzu turistikoetako sarbideei buruzko gidaliburua

Siadecok egindako txosten batean oinarriturik, orduko Euskal Autonomia Elkarteko Gutxitu Fisikoen Konfederakunde-Koordinakundearen ekimenez, 1993an argitaratutako gidaliburua da. Mugikortasun arazo handiko pertsonei begira, zerbitzu turistikoetako sarbideen egoera zein zen ezagutzera emateko prestatutako argitalpena izan zen. Ikuspuntu turistikotik interesgarriak diren lekuak (hotelak, jatetxeak, museoak,...) nahiz une jakin batean beren ohiko bizilekutik kanpo dauden pertsonentzat jakingarriak izan daitezkeenak ere aztertu ziren (banketxe eta aurrezki kutxak, aparkalekuak, kirol instalazioak,...). Argitalpen hau gaztelaniaz argitaratua dago.

1992

Euskara Errenterian

Siadecoren Azterketa Soziolinguistikoa oinarri, euskararen egoerarekiko jakin minak eraginda Errenteriako Udalak sustatutako argitalpena da. Koldo Mitxelenaren zitarekin du sarrera: "Gizarte bakoitzak, gizarte den aldetik, ikusmolde berezi bat du eta beraren arabera aztertzen eta neurtzen ditu gauzak. Eta herri-izpiritu honek kulturari eragiten dio, kultura izpiritu horren ispilu da, eta orobat hizkuntza: biak dira herritasunaren errainu, distira eta jario".

1992

Euskara Bilbon

Batetik Bilbao hirian Siadecok egindako azterketa soziolinguistiko baten laburpena jasotzen du eta bestetik berriz José María Sánchez Carrión-en ondorengo azterlana: "Bilb(a)o eta Euskara, errealitate baten desafioa eta desafio baten errealitatea". Siadecoren azterlanean besteak beste, garai horretako, EAEko hiru hiriburuetako datuak alderatzen dira, Siadecok definitutako KENK, GAL indarra, EUTSI indarra eta GARA indarra adierazleei jarraiki. José María Sánchez Carriónek garatutako atalean berriz, ondorego paradoxa aurkeztu, aztertu eta irtenbide baterako proposamena egiten da: "gaur egunean dagoen bezainbeste euskaldun inoiz ez da egon Bilbon, ezta ezagupen maila hain altuarekin ere, eta aldiz, euskara inoiz ez da egon sozialki, gaur egun dagoen bezain isolatua".

1991

Euskara Beasainen

Beasaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren eskariz, 1981eko Zentsu eta 1986ko Errolden eta Siadecok 1988an egindako neurketetako datuak erabiliz, Siadecok egindako Beasaingo Azterketa Soziolinguistikoaren laburpena da. Azken mendeetan euskarak Beasainen utzitako aztarnak eta izandako bilakaera lehendabiziko zatian jaso ondoren, hizkuntza ezagutza, hizkuntzaren transmisioa eta euskararen erabileraren datu zehatzak jasotzen dituen argitalpena da. Datuak besteak beste, Beasaingo orduko eremu desberdinen arabera jasoak daude: Ezkiaga/Lazkaibar, Hirigune zaharra, Barrendain/Igartza, Loinatz/Antzizar, Baserri hiritartuak eta Auzo barreiatuak.